The Lighthouse

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2021ko mai. 16a, 10:53

Fitxa teknikoa:

Jatorrizko izenburua: The Lighthouse

Zuzendaria: Robert Eggers

Gidoilaria: Robert Eggers, Max Eggers

Aktoreak: Willem Dafoe, Robert Pattinson

Herrialdea: AEB

Iraupena: 110 minutu

Ekoizpen-urtea: 2019

Aste honetan, Robert Eggers zinemagile estatubatuarraren azken lana nahi dizuet gomendatu, zein eta The Lighthouse” (2019) izenekoa, alegia. Aitortu beharra daukat beldurrezko pelikulak ez ditudala bereziki gustuko. Hala eta guztiz ere, kasu honetan Strafford konderrian munduratu zen zuzendariak egin duen planteamendua oso erakargarria egin zait. Hasteko, zuri-beltzean errodatutako filma dugu hau, berez estilo-hautu interesgarria dena. Eta ez hori bakarrik, pertsonaien aurkezpen eta deskribapena erabat fisikoa da. Tarte horretan, izatez, apenas ez dago dialogorik, den-dena halere ederto azalduta dago irudi esanguratsuen bidez.

 

Pelikula hau, azken batean, muturreko egoeretan pertsonen arteko harremanen analisi sakon bezain adierazgarria dugu. Zinema-aretoko besaulkian iltzaturik uzten zaituen kontakizun honen ezaugarririk nabariena, nire ustez behinik behin, uneoro sortzen duen artegatasuna da.

 

Lan honen atzean ibilbide profesional laburra duen zuzendari bat dugu. Izan ere, hau kenduta, beste film luze bat besterik ez baitu, The Witch” (2015) deiturikoa, beste beldurrezko pelikula bat. Gainera, bi film labur ere baditu ekoizturik. Esan beharra dago, hala ere, bere bi pelikulek oihartzuna izan dutela, zeren eta izendapen zein sariak eskuratu baitituzte zinemaldi desberdinetan, gehienbat berak jorratzen duen estiloan berezituetan.

 

Bukatzeko, pelikula honetan aritzen diren bi aktore erraldoien karakterizazio bikainak nabarmendu behar ditugu. Bai Willem Dafoek, bai Robert Pattinsonek, txapela kentzeko moduko lana burutzen dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide