Berriki Robert Eggers zinemagile amerikarraren “The Lighthouse” (2019) izeneko lana gomendatu nizuen. Hango hartan, beldurrezko pelikulak bereziki gustuko ez ditudala aitortu nuen. Bada, berriro ere genero horretako zinta batekin natorkizue, zein eta Eggers-en estreinako filmearekin: “The Witch” (2015) deiturikoa.
Kristau familia bat zokoratua izango da. Gauza sano arraroak gertatzen diren baso baten ondoko etxe batean geldituko dira. Bizi duten giro nahasiak eragin oso mingarriak izango du eurengan.
Pelikula honen erantzule nagusiaren inguruan duela gutxi mintzatu nintzen. Ibilbide laburra badu ere, oso ezaugarri markatuak ditu Strafford konderrian munduratu zen zinemagilearen zinea egiteko moduak. Izan ere, orain arteko bere bi filmak garaiko beldurrezko pelikulak ditugu, bietan mimo handiz zaindu du muntaia, indar handiko pertsonaiak izan dira istorioen protagonistak eta zuzendariak ederto asmatu du aktoreen aldetik karakterizazio bikainak ateratzen. Lan biekin, gainera, eskuratu izan ditu premio desberdinetarako izendapen zein sariak.
Amaitzeko, Anya Taylor-Joy emakumezko aktore gaztearen jardun bikaina nabarmendu nahiko nuke. Izan ere, antzezle amerikarrak txapela kentzeko moduko lana burutzen baitu.