Aste honetan, M. Night Shyamalan indiar jatorria duen zinemagile estatubatuarrak ekoiztu duen azken lana nahi dizuet gomendatu, “Old” (2021) izenekoa, hain zuzen ere. Zuzendari honekin dudan harremana konplikatua da. Izan ere, nire ustez kalitate handiko zenbait pelikula dituen arren, bere beste lan askotan indar handiko ideiak ganoraz garatu bage geratu izan baitira, nire gusturako behinik behin. Kasu honetan, beste hainbatetan bezala, abiapuntu zinez interesgarria duen istorio bat proposatzen digu eta, gainera, era egokian garatzen du, gutxi ez dena. Kontuan izanda azken bolada honetan zine-aretoetan eskeintzen dena eskuarki ez dela kalitate handikoa, zuzendari estatubatuarrak pantailaratzen duena merezi duela esan beharra dago.
Bere momenturik onena bizi ez duen familia bat oporretan joango da egunez egunekoarekin apurtzeko asmotan. Berehala, hori bai, dauden hondartzan irregulartasunak gertatzen direla egiaztatuko dute.
Metrajean zehar esperimentatzen den ezinegona da, duda barik, zinta honek duen aktiborik garrantzitsuena. Horretan, oraindik ere M. Night Shyamalanek asmatzen badakiela erakusten du. Ez da iristen, ezta hurrik eman ere!, nire ustetan duen sormen-gailurrera, “The Sixth Sense” (1999) lan zoragarria, alegia.