Aste honetan, Icíar Bollaín Madrilgo zinemagilearen azken lana nahi dizuet gomedatu, zein eta “Maixabel” (2021) deiturikoa alegia. Era egokian errodatu eta kontatuta dagoen film baten aurrean gaude. Narrazioa era ulerkorrean heltzen zaio ikusleari. Hain da hau honela ezen esan baitaiteke zinta honen indargunerik argiena, aktoreen lan txukuna alde batera utzita, zuzendariaren lanketa dela. Duda barik, zuzendari madrildarrak asmatu egin du proiektuari eman dion tratamenduarekin, erraza ez zena. Izan ere, eskuartean ibili duen materialak erraietako sentimenduak pizten ditu eta.
Gorago aipatu den bezala, pelikula honek duen beste indargune bat antzezle nagusien lana dugu. Hala Blanca Portillok, nola Luis Tosarrek txapela kentzeko moduko jarduna burutzen dute. Gainera, biek ala biek prestaketa prozesu sakon bezain profesionala zertu dute, pantailan gorpuzten dituzten pertsonekin hainbatetan bilduta ere bai.
Icíar Bollaínen ibilbide profesionala nahiko luzea da dagoeneko eta, besteak beste, “Te doy mis ojos” (2003) edo “También la lluvia” (2010) bezalako lan interesgarriak topa ditzakegu bere katalogoan, gutxi ez dena. Madrildarraren zineak beti erakutsi izan du gizarte-kutsu handia.