Aste honetan, Tokion jaiotako Akira Kurosawa zinemagilearen “Dersu Uzala” (1975) film zoragarria nahi dizuet gomendatu, klasiko bat alegia. Beste era bat du maisu handiak istorioak kontatzeko: bere denbora hartzen du, ikusleak uler dezan beharrezkoak diren baliabideak baizik ez ditu erabiltzen, hitzei baino irudiei ematen die garrantzi handiagoa, plano orokorrak erabiltzen ditu gehienbat…
Pelikula honetan adiskidetasun eder baten kontaketa zoragarria burutzen du zuzendari japoniarrak, baita oso bestelakoak diren kultura zein bizimoduen arteko talkarena ere. Pertsonaiak ederto moldatzen dira haien berezko ingurunean, baina hortik kanpo daudenean, laguntza behar dute, hiltzeko arrisku bizian daudelako bestela. Bestalde, gizakiok naturari aurre egiteko ditugun baliabide eraginkorrenak zein diren ere esaten digu pelikula zoragarri honek: umiltasuna eta adimena, hain zuzen ere.
Maisu japoniarrak zenbait artelan ditu burutuak, hala nola, “Rashomon” (1950), “Los Siete Samurais” (1954), “Yojimbo” (1961), “Barbarroja” (1965) edota “Ran” (1985). Aipaturiko harribitxi hauez gain, Akira Kurosawak beste pelikula interesgarri asko ere baditu. Bere filmografia arretaz aztertzeko modukoa da, duda barik.