Aste honetan, animaziozko pelikula bat nahi dizuet gomendatu, zein eta “Soul” (2020) izenekoa. Tekinikoki akatsik gabeko lan baten aurrean gaudela esan beharra dago. Egia esateko, Pixar delako estudioaz ari garenean, azken baieztapen hori erabat ohiko bilakatu da. Lan honen izenburuak hitz-joko bat ezkutatzen du. Filmean zehar une oro dugu musika presente, ez edozein musika-estiloa baina, jazz musika-generoa dugu protagonista nagusia eta, duda barik, musika-mota hori jotzeko arima ezinbestekoa da. Bestalde, zinta honetan pertsonen arimek pisu handia dute metrajean zehar.
Lan honetako zuzendariak bereziki zaila den galdera bat erantzuten ahalegintzen dira: zer da pertsonen nortasuna eraikitzen duena? Kasu honetan, erantzuna baino askoz ere garrantzitsuagoa da hartzen duen forma, oso hunkigarria den film baten aurrean gaude eta.
Pelikula honetako zuzendariak Pete Docter eta Kemp Powers ditugu. Lehenengoaren kasuan ibilbide sendo batez ari garen bitartean, bigarrenaren estraineko pelikulaz ari garela argitu behar da. Docter-ren nominan oso pelikula interesgarriak topa ditzakegu, hala nola, “Up” (2009) edo “Inside Out” (2015). Pelikula honek azken Oscar sarietan bi premio eskuratu zituen: animaziozko film onena eta soinu banda onena-ri dagozkinak, alegia.