Aste honetan, “West Side Story” (2021), Steven Spielberg Cincinnatiko zinemagilearen estraineko musikala, nahi dizuet gomendatu. Nik uste oso erronka zaila jarri diola zuzendari amerikarrak bere buruari. Izan ere, mitikoa den pelikula baten bertsio berria egitean, horren beharrik dagoen ala ez eztabaida baitaiteke. Zinez arriskutsua den hautaketa honetan, ordea, asmatu egin duela esatea ere badago... Zuzendariaren nolakotasun nabarienak bistakoak dira metrajean zehar, duda barik: irudien indarra, planoen hurrenkeraren bidez istorio bat kontatzeko gaitasun izugarria, kameraren kokapen egokia une oro… horiek guztiak pelikularen indarguneak dira. Dena den, ahuleziak ere aipatu behar ditugu. Aktoreen aukeraketa ezin daiteke erraza izan eta, nire kasuan behintzat, Maria pertsonaia agertzen den bakoitzean Natalie Wood handia datorkit burura, egitea komeni ez diren erkaketak etengabe eginez, pelikularen mesederako ez dena.
Istorioa ezaguna da, azken batean “Romeo eta Julieta” William Shakespeare handiaren lanaren egokitzapen modernoa da, Robert Wisek 1961ean egin zuen moduan.
Lehenago aipatu dugun moduan, Spielbergen lehenengo musikala da zinta hau, bere kontran jo dezakeena. Izan ere, horregatik seguruenik denok emaitza bikaina espero izango baitugu eta, akaso, ez gara kapazak izango bere benetako balioa baloratzeko.