Aste honetan, Kenneth Branagh Belfast-en munduratu zen zinemagilearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Belfast” (2021) izenekoa, alegia. Seguruenik bere lanik pertsonalena dugu hau. Familiaren inguruko kontakizun eder hau oso giro nahasian kokatzen da: elementu asko bildu ziren 60ko hamarkadan Ipar Irlanda-ko hiriburuan. Alde batetik, langileen borroka puri-purian dago, bestetik, erlijioen arteko harremana gero eta zailago bilakatzen ari da. Ez da, dudarik gabe, ume batentzako girorik egokiena.
Bestalde, umearen ikuspuntutik istorioa kontatzeak, samurtasuna ematen dio. Nire uste apalean, erabaki egokia da. Izan ere, garaiko krudeltasuna hein batean gutxitzea baimentzen baitu. Beste kontu bat da erregulazio horretan egilea asmatu duen pentsatzea. Zenbait unetan, duda barik, azukre-kopurua gehiegizkoa da. Hala uste dut nik, behinik behin.
Badira, dagoeneko, pelikula nahikotxo Branagh-en ibilbidean zuzendari moduan bere balioa epaitu ahal izateko. Orain arte, nire uste apalean, bi une bereiz daitezke argiki bere filmografian. Batetik, William Shakespeare idazle handiaren egokitzapenak egiten berezitu zen garaian, non lan oso estimatuak burutu zituen, hala nola, “Mucho Ruido y Pocas Nueces” (1993) edo “Hamlet” (1996), esate baterako. Eta, bestetik, ondorengo garai bat, zeinean produktu oso hutsalak ekoiztu baitzituen, nire ustez behintzat. Hortik kanpo nik bi pelikula nabarmenduko nituzke zinemagile britainiarraren curriculumean, gomandatzen ari naizen film hau eta “Los Amigos de Peter” (1992) lan bikaina.