Aste honetan, Zeelanda Berriko hiriburua den Wellingtonen jaiotako Jane Campion zinemagilearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “The Power of the Dog” (2021) izenekoa alegia. Film honetan, ezohiko western baten itxurapean, Campionek gizontasunaren inguruko azterketa sakona planteatzen du. Pertsonaien aurkezpena izugarri gustatu zait, oso atal landua da, zintaren indarguneetako bat duda barik. Oso pertsonaia konplexuak ditugu pantaila erraldoian, ederto batean antzeztuak gainera.
Gorago aipatu dugun bezala, maskulinitate desberdinak aztertzen ditu zuzendariak lan baliotsu honetan. Ez da, ordea, gai hau jorratzen duen lehenengo aldia. Izan ere, “The Piano” (1993) pelikula estimagarrian, beste modu batean izan bazen ere, honen inguruan mintzatu zen zeelandaberritarra. Film honek 12 izendapen jaso izan ditu Oscar sarietan, bakar bat irabazi duen arren, zuzendari onenarena hain zuzen ere.
Lan honetan beste sendotasun bat antzezleen jarduna da, duda barik. Benedict Cumberbatch aktore britainiarrak ñabardurez jositako karakterizazioa borobiltzen du, Kristen Dunst estatubatuarra ez da atzean gelditzen eta Kodi Smit-McPhee australiarrak lan ederra burutzen du. Denek txapela kentzeko moduko antzezpenak burutzen dituzte, inolako ezbairik gabe.