Aste honetan, Houston hirian munduratu zen Wes Anderson zinemagilearen azken lana nahi dizuet gomendatu, zein eta “The French Dispatch (of the Liberty Kansas Evening Sun)” (2021) izenekoa alegia. Badira zenbait zuzendari pelikulak egiteko oso era pertsonala dutenak. Halakoetan, euren edozein zintaren minutu bakan batzuk ikustea nahikoa izaten da kameraren atzean nor dagoen igertzeko. Anderson jauna hauetako bat dugu inolako zalantzarik gabe eta, noski, gomendatzen ari naizen film honek argi uzten du. Izan ere, bertan bere filmografian zehar topa ditzakegun zenbait elementu agerian baitaude: istorioa kontatzeko era surrealista, irudi eta planoen eraikuntza pertsonala, horren ohiko dituen alboko travelling-ak, dekoratuen erabilpen lotsagabea… hitz batez, ahots propioa duen artista baten aurrean gaude.
Dagoeneko ibilbide nahiko luzea du Texas estatuko zuzendari honek. Ez dira gutxi, nire ustetan behinik behin, burutu dituen kalitate handiko pelikulak, hala nola, “Fantastic Mr. Fox” (2009), “Moonrise Kingdom” (2012) edota “The Grand Budapest Hotel” (2014).
Urteen poderioz lortu duen izen handia baliatuz, bere pelikuletan aparteko aktore-multzoak topa ditzakegu eta, jakina, film hau ez da salbuespen bat izan.