Aste honetan, Paul Schrader zinemagile estatubatuarraren azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “The Card Counter” (2021) izenekoa. Pertsonalki, baditut hainbat arrazoi pelikula hau gustuko izateko: batetik, esan bezala, Schraderen azken lana da, Scorsese handiarekin kolaboratuz zazpigarren arteko maisulan batzuk burutu izan dituen morroi batena alegia. Bestetik, zinta honetan Oscar Isaac aritzen da, bereziki gustatzen zaidan aktorea dugu hau. Gainera, eta guztiz pertsonala den kontua da hau, offeko ahotsa du film honek, neurriz erabilita kasu honetan, zenbait unetan didaktikoa izan nahi duena.
Iragan iluna duen perstona baten bizitza, gaur egun nahiko ondo antolatuta dagoena, erabat irauliko du pertsona baten agerraldiak.
Paul Schraderrek oso bereak dituen protagonista torturatu horietako bat da lan honen protagonista, maisutasun handiz Oscar Isaac handiak gorpuzten duena. Pelikula oso bortitza bada ere, zuzendariak dotore pantailaretzen asmatu du, flashback-ak egin dituenean salbu. Ez zait batere gustatu nola planteatu dituen, formalki ari naiz, noski.
Pelikularen beste indargune bat hauxe dugu: ikuslearengan sortzen duen ezinegona, deserosoa izanda ere erakargarritasun arraroa sortzen duena.