Aste honetan, Robert Eggers zinemagileraen azken lana nahi dizuet gomendatu, zein eta “The Northman” (2022) izenekoa. Lee delako herrian jaiotako zuzendaria nortasun handiko artista dugu. Egunarte hiru pelikula baino burutu ez dituen arren, nahikoa da bere film baten edozein zatitxoa ikustea kameraren atzean nor dagoen igertzeko. Izan ere, zinta honetan ere topa ditzakegu horren propio dituen plano luze eta konplexu horiek, non koreografia oso zehatza ezinbestekoa den, ikuslearengan etengabeko ezinegona eragiten duen istorioa edota plano oniriko bezain eder horiek. Oso produktu biolentoa den arren, ikusteko ahalegina egingo duen ikusleak sari ederra eskuratuko du, kalitate handiko zinta baten aurrean gaude eta.
Zinta basati honetan Eggers jaunak mendeku baten kontakizun gordina pantailaratzen du, ikuslea besaulkian iltzaturik utziz.
Esan bezala, New Hampshire estatuan munduratutako zuzendariak ahots propio du, estimatzekoa dena. Bere aurreko bi zintak ikustaldia merezi duten lanak ditugu. Duda barik, bai “La Bruja” (2015), bai eta “El Faro” (2019) kalitate handiko pelikulak izateaz gain, berezko hizkuntza duten filmak ere badira.
Badira, bestalde, zuzendari estatubatuar honen zinta apurretan hainbat antzezle errepikatu egin dutenak, hala nola, Anya Taylor- Joy edota Willem Dafoe. Hauxe ere bere izen onaren beste froga bat dugu, hots, izen handiko profesionalek berarekin lan egin nahi izatea, alegia.