Aste honetan, New York hirian jaio zen Jordan Peele zinemagilearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Nope” (2022) izeneko lan artegagarria. Bisualki ederra den zinta honek ahalegin bat egitea eskatzen du. Izan ere, antzezleekin batera joango baikara misterioa argitzen. Bestalde, ikusleak zenbait abipuntu onartu beharko ditu pelikulatik ez irteteko. Aurreko hau guztia eginez gero, zinta on batez gozatzeko parada izango dugu.
Arrantxo-nagusi bik aurkikuntza nahasgarri bat egingo dute. Hortik aurrera, mentura aldrebes batean murgilduko gara eurekin batera.
Hauxe Peele-en hirugarren pelikula dugu, hirurak ere beldurrezko pelikulak izan dira eta, guztietan, zinemagileak sortu duen giroa itogarria izan da. Gainera, ez da ahaztu behar bere proposamen guztiekin sari desberdinetarako izendapenak eskuratu izan dituela. Duda barik, izen handia duen artista baten aurrean gaude, bere egiteko era gustuko izanda ala ez. Bere aurreneko lana, “Get Out” (2017) izenekoa, goraipatzekoa da nire iritziz. Oso denbora laburrean karrera sendoa burutu egin du, benetan.
Film honetan, bigarren aldiz, rol nagusia Daniel Kaluuya Londres hirian jaiotako aktoreari eman dio zuzendariak, berarengan duen konfiantza argi utzita.