Aste honetan iazko pelikula bat gomendatu nahi dizuet, zein eta Napoli hirian jaio zen Paolo Sorrentino zinemagilearen azken lana, “È stata la mano di Dio” (2021) izenekoa. Pelikula eder honetan zuzendari italiarrak klase askoko pertsona talde oso berezi baten bizi-ohiturak ezinhobe irudikatzen ditu. Azken batean, pelikula kostunbrista baten aurrean gaudela esan daiteke. Izan ere, une zehatz batean, hiriko taldeak Maradona fitxatu zuenean hain justu, Napoli hiria zelakoa zen ederto adierazten baitu.
Pelikula honetan, esan bezala, protagonista den Fabietto Schisa pertsonaiaren bizitza aitzakia hartuta, garai bateko Napoli hirian gertaturiko hainbat gertakariren berri izango dugu. Nola hiri hau dugun Paolo Sorrentino zinemagilearen jatorria, pelikula guztiz pertsonal baten aurrean gaudela esan dezakegu inolako beldurrik gabe.
Pelikula honekin, berriro ere, zuzendari italiarrak onarpena eta hainbat sari eskuratu zituen, Oscar sarietarako izendapen bat barne, nazioarteko film onena premiatzen duen atalean alegia. Saria lortu ez zuen arren, izan ere saritua suertatu zen lana “Drive my car” (2021) pelikula japoniarra izan baitzen, sona handiko beste sari batzuetan zorte hobea izan zuen. Paolo Sorrentinoren filmografian nabarmenzteko moduko hainbat zinta dauden arren, nire ustez, borobilena “La Grande Bellezza” (2013) da.
Film honetan berriro ere izan du bere agindupean Toni Servillo aktore italiarra, bien arteko kimika ukaezina da.