Aste honetan, Alauda Ruiz de Azúa Barakaldo hirian jaio zen zinemagilearen azken lana nahi dizuet gomendatu: “Cinco lobitos” (2022) izenekoa.
Termodinamikaren barruan badago propietate bat, entropia izena duena, zera diona: edozein sistematan denboraren poderioz desordena ezarriko da. Pelikula honetan, kontzeptu hau gizakion harremanetan ere badagoela adierazi egiten da. Izan ere, hasiera batean oreka harmonia… den hori bizikidetzarekin batera kutsu negatiboa duten emozioen nahaspilo bilakatzen baita.
Zuzendariaren opera prima den hau, esperientzia ezaren akatsak begibistan uzten dituen arren, balio handikoa da. Kontatu nahi duena era ordenatu batean egiten du; batzuetan kontzeptuak gehiegi azpimarratuz, egia, baina ikuslea ez da inoiz galduko eta artistaren mezua argiki iritsiko zaio, gutxi ez dena! Hala ere, ikusten da ofizioa duela zinemagile barakaldoarrak. Izan ere film luze hau errodatu aurretik, bost film labur burutuak zituen eta.
Aitortu behar da Alaudak jakin izan duela antzezle eraginkorrez inguratzen. Jarduna oso egokia borobilzen du Laia Costak esaterako, ama berri baten buruan ezarri behar den anabasa ederto trasmitituz. Ez da atzean geratzen Susi Sánchez, sinesgarritasuna eta egia plano guztietan adieraziz. Eta, jakina, Ramón Barea bizitza-asegurua da, betiko moduan. Gainerako aktoreen jarduna doitua da erabat, filmaren kalitatean igertzen dena.