Aste honetan, Michael Sarnoski zinemagile amerikarraren estreinako pelikula nahi dizuet gomendatu: “Pig” (2021) izenekoa, alegia. Zintak aurrera egin ahala, pertsonaiak gero eta hobeto ezagutuko ditugu, haiekiko enpatiaren handitzea ekarriko duena. Pertsonaietako batek bidaia luze bezain esanguratsua egingo du, harentzako pelikula hau hazkunde pertsonaleko mentura izango da. Izan ere, burutzeko batere gogorik ez duen eginkizun bati lotuko zaio, ezbai handiak izanda ere, moralki egin beharreko zerbait delako. Prozesu horretan beldurra eragiten dioten zenbait pertsona zein egoerei aurre egin beharko die berarentzako erabat beharrezkoa ez den eta ondo ulertzen ez duen kide bati jarraitu eta laguntzeko. Honen ondorioz, zinta amaitzen denean, beste pertsona bat dela esan daiteke.
Lehenengo film bat izateko Sarnoski jaunak arrisku handiak hartu ditu. Horietako bat, seguruenik handiena, rol nagusia Nicolas Cage bezalako aktore bati ematea dugu. Nire uste apalean, jokaldia ezin hobeto atera zaio. Izan ere, Long Beach hirian jaiotako aktoreak, aspaldiko partez, karakterizazio doitu eta sinesgarria burutu egin baitu. Berarekin batera aritzen den Alex Wolff Manhattanen munduratu zen musikari eta aktorea ere ederto batean jarduten da.