Aste honetan apur batean arriskatu nahi dut. Izan ere, gomendatzera noan pelikula ez baitzaio edonori gustatuko. “Alcarràs” (2022) Carla Simón zinemagilearen bigarren pelikulari buruz ari naiz, alegia. Aldez aurretik, gomendio ziurra dela pentsa daiteke. Ezin da ahaztu azken Berlinalen urrezko hartza izeneko saria irabazitako lanaz ari garela, eta ez hori bakarrik, hurrengo Oscar sarietan lehiatzeko hautaturiko filma ere bada. Dena dela, nire uste apalean behintzat, proposamen interesgarria da hau. Ez da normalean pantailetan ikusten ditugun pelikulen modukoa. Dokumental faltsua da, profesionalak ez diren aktoreak erabiltzen dituena. Azken batean, familia bati jarraituz zenbait gaurko gairi heltzen die zuzendariak, hala nola, herri txikien hustutzea, nekazarien arazo larriak, halako inguruneetan bizi diren nerabeen kezkak eta arazoak…
Esan bezala, Carla Simónen bigarren zinta dugu hau. Zenbait film labur eta telebistarako ekoiztutako lanak aparte utzita, Bartzelona hirian jaio zen zuzendariak honetaz gain, “Verano 1993” (2017) baino ez du bere ibilbidean. Hori bai, bi pelikulekin nortasun handiko zinemagilea dela erakutsi egin du. Izan ere, bere bi lanetan errealitateari hurbiltzeko antzeman daitekeen modu bat dago, egile bat identifikatzen kontuan izan beharreko lehenengo puntua, duda barik.
Lan honetan aritzen diren aktoreak, aipatu dugun moduan, ez dira profesionalak. Erabaki hau zuzena den arren, hainbat pasartetan pelikularen kontra doa, zeren eta haien jarduna ez baita behar bezain ona. Sinesgarritasuna ematen badu ere, nire ustez, hainbat unetan ez du funtzionatzen, jardun batzuek pelikulatik ateratzen naute eta.