Negar egitekoa naiz; hori bai negar eginarazten didana ez da beti sentimendu negatibo bat izaten. Askotan, zoriontasun hutsez negar egin dut kontzertu batean, edota pelikula baten amaieran sentimendu oso desberdinen kariaz. Hala eta guztiz ere, “Dardara” (2021) ikusten negarra eragin didan hori zaila egiten zait azaltzen. Gainera ez da izan, ohikoa den moduan, amaieran egindako negarra soilik, dokumentalean zeharreko hainbat tartetan egindakoa baizik. Emozioa pil-pilean jarri dit zinta honek eta eskertzeko arrazoiak baino ez ditut bai Berri Txarrak talde izugarriari, bai eta Marina Lameiro zinemagile nafarrari ere, haiei esker bizirik sentitu naiz beste behin ere.
Dokumental baten aurrean gaude, non Gorka Urbizu handiak bere bizitzako oso une zehatz batean izandako sentimenduen zurrunbiloa azalduko digun. Lanaren egitura interesgarria da, kontatu beharrekoa ondo heltzen zaio ikusleari eta kontatzen dena, taldearen jarraitzailea izan ala ez, interesgarria da. Azken batean, artista baten hausnarketen berri izango dugu, bere bizitzako ez edozein unekoak gainera.
Film eder honen atzean Marina Lameiro dugu. Ez du oso ibilbide luzea. ordea, zuzendari nafarrak. Izan ere, hau kenduta, beste dokumental bat eta bi film labur, dokumentalak hauek ere bai, baino ez baitauzka.