Aste honetan, nire ustez, zinema-areto batean ikusi behar den pelikula bat gomendatu nahi dizuet. Izan ere, “Avatar: The Way of Water” (2022) lan ikusgarri honek dituen indarguneak pantaila erraldoi batean gozatu egiten baitira behar den moduan. Tankera honetako lan bat etxean ikusiz gero, izango duzun esperientzia bestelakoa izango da eta, kasu honetan, beldurrik gabe esan daiteke esperientzia hori askoz okerragoa izango dela.
Ontario izeneko probintzian jaio zen James Cameron zinemagileren 9. zinta dugun hau bi modu desberdinetan ikus daiteke. Entzun dudanagatik, hiru dimentsiotan ikustea esperientzia izugarria da. Nik bi dimentsiotan ikusi egin dut eta, inolako zalantzarik gabe, pantaila handian ikusi ezean filmak asko galduko duela esan dezaket. Teknikoki makularik gabeko lana da, bisualki ikuslea erasotzen du kupida barik.
Ahuleziak ere baditu, noski. Nabarmenena gidoiaren kalitate eskasa da. Iritzi pertsonala besterik ez da, baina istorio honek ez du pelikularen irupena justifikatzen, inondik inora.
Dena eztabaida daitekeela argi izanda, nik uste dut Cameronen filmografian zintarik onena “The Terminator” (1984) dela. Kasu honetan, Kanadako zinemagileak istorio originala eta estimulatzailea planteatzen digu, berez indarra duena. Ez da, noski, kasu bakarra, bai “Aliens” (1986), bai “T2- Terminator 2: Judgment Day” (1991) film handiak dira, baina kasu bietan ezusteko faktorea galdu egiten da.