Oscar sarietarako izendapenak dituzten lan gehienak batera ari dira karteldegian agertzen. Zinemazaleoi lana batzen zaigu beti garai hauetan. Aste honetan ere, pelikula multzo horretako beste film bat nahi dizuet gomendatu, zein eta Steven Spielberg zinemagile estatubatuarraren azken ekoizpena, “The Fabelmans” (2022) izenekoa alegia. Bi urtez jarraian lortu du izendapena Cincinnatin jaio zen zuzendari beteranoak, batere gaizki ez dagoena.
Denok dakigun bezala, zuzendariaren semiautobiografia bat da pantailan kontatzen digutena. Oso zaila da jakitea zer den guztiz egia eta zer oroitzapen kutsatua, baina hori gutxienekoa da. Leku askotan entzun dut pelikula desorekatua dela eta, seguruenik, hala izango da. Nik aitortu behar dut pertsonaiarekiko dudan konekzio emozionalak, nire bizitzako zenbait une ahaztezin berari zor dizkiot esatebaterako, objektiboa izatea galarazten didala. Hala ere, metrajean zehar inongo momentutan ez nuela interesa galdu esan behar dut. Honekin zera nahi dut adierazi: film batek harrapatu eta emozionatu behar zaituela eta, nire kasuan behintzat, pelikula honek lortu egin du.
Baliteke aktoreen zerrenda egokiena ez izatea, baina nik haien antzezpena guztiz sineste dut, niretzat nahikoa dena. Bereziki gustatu zait Michelle Williamsen karakterizazioa, baina ez da ondo dagoen bakarra, ezta hurrik eman ere!, Paul Danoren euspena ere nabarmentzeko modukoa dela uste dut.