Aste honetan, “Air” (2023) izeneko lan txukuna nahi dizuet gomendatu.
Merito handikoa da abiapuntu pobre batez, pelikula bat egiteko behinik behin, lan entretenigarri bezain interesgarria egin ahal izatea. Honek zuzendariari buruz ondo hitz egiten du. Izan ere, Ben Affleck kaliforniarrak aldez aurretik ezaguna den istorio bati suspense ezartzea lortu baitu. Eta ez da nolanaiko lorpena, ezta hurrik eman ere! Filmak indarra du, dida batean pasatzen da, erritmo bizikoa da, muntaia erabat dinamikoa du, ikuslea arrotza duen mundu batean murgiltzen du… laburbilduz, indargune asko dituen zinta baten aurrean gaude eta gainera ez da luzea, gaur egun arraroa dena.
Beti pentsatu izan dut Afflecken jarduna askoz ere interesgarriagoa dela zuzendari gisa aktore gisa baino. Nire aburuz “Adiós pequeña, adiós” (2007) edo “Argo” (2012) oso lan estimagarriak dira eta, maila berean ez dagoen arren, azken pelikula honetan sasoiko dagoela erakutsi du berriro ere.
Une gozoan dagoen beste bat Matt Damon dugu, antzezpen doitua egiteaz gain, bere pertsonaiari sinesgarritasuna ematen dio, bera eta Jason Batemanen arteko sekuentziak oso dinamikoak dira, pelikularen mesederako. Rol laburra baina oso esanguratsua duen beste antzezle bat Viola Davis da, bere garairako benetan ahaulduna zen emakumearen papera ederto batean emanez.