Aste honetan, James Gunn San Luis Missouri estatuko bigarren hiririk handienean munduratu zen zinemagilearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Guardianes de la Galaxia Vol. 3” (2023) izenekoa. Trilogia bat ixteko modu berezia dugu hau. Giro nahasia du. Hasiera batean pentsa daiteke aurreko bi pelikulekin ez duela zerikusi handirik, haietako tonuera umoretsua ez da inon agertzen aurreneko zatian, bai gero ordea. Hala eta guztiz ere, hiru zintek istorio bakar eta oso bat egiten dute. Azken honetan gidoi bira handia dagoen arren. Izan ere, hau ikusita lan hauen benetako protagonista nor den ulertzeko bestelako tresna batzuk ematen dizkizu zuzendariak. Hala eta guztiz ere, nire ustetan behintzat, barneko logika dute hiru zinta hauek, merito handia duena.
Gai sakonen inguruan mintzatzen zaigu James Gunn bere azken film honetan: genetika, adimen artifiziala… eta, nola ez, adiskidetasuna, maitasuna, talde bateko kide sentitzea, goranahia… Efektu bisual eta pantailako irudi harrigarrietatik haratago joateko aukera ematen dio ikusleari. Hau da, zinemagileak ikuslea errespetuz tratatzen du, eskertzekoa dena.
Aktoreen lana sobera ezaguna da, dagoeneko hirugarren pelikularekin topo egiten dugulako, baina emozioak igortzeko duten gaitasunari eusten diotela esan beharra dago eta, nola ez, hori laudorio handia da.