Aste honetan, Pedro Almodovar Mantxako zinemagilearen azken lana nahi dizuet gomendatu, Extraña forma de vida (2023) izenekoa. Ezohiko gomendio da, zeren eta ez bait oso arrunta izaten zinema-aretoetan film labur bat ikusteko aukera izatea. Kasu honetan, arrakasta eskasarekin, dena esan behar bada, parada hori izan dugu eta neuk baliatu izan nuen. Esan gabe doa, iragarkiak, trailerrak… pelikula aurreko tarte horrek ia zinta berak baino gehiago irauten du.
Hala eta guztiz ere, betiere nire uste apalean, jakina, esperientziak merezi duela aitortu behar dut. Ezohikoa da baita Almodovarrek generoko lan bat burutzea eta, kasu honetan, begirune osoz gainera aritu izan da. Horrek ez du kentzen -ezta hurrik eman ere!- zintan zehar Calzada de Calatravakoak berezko dituen zenbait elementu pantailaratzea, hala nola guztiz probokatzaileak diren sekuentziak tartekatzea, indar handiko plano originalak eskaintzea edota pertsonaien harremanetan sakontzea.
Egia da pelikula laburra dela, are gehiago kontuan izanda azken bolada honetan egiten diren zinten ohiko iraupena, baina ni gehiago ikusteko gogoz geratu nintzen, oso datu positiboa dena.
Aktoreen lana egokia da oso, nire iritziz noski. Naturaltasun handiz aritzen dira haien rolak guztiz sinesgarri bilakatuz.
Fitxa teknikoa:
- Jatorrizko izenburua: Extraña Forma de Vida
- Zuzendaria: Pedro Almodovar
- Gidoilaria: Pedro Almodovar
- Aktoreak: Ethan Hawke, Pedro Pascal, Jason Fernández …
- Herrialdea: Espainia
- Iraupena: 31 minutu
- Ekoizpen-urtea: 2023