Aste honetan, Londres hirian jaio zen Christopher Nolan zinemagile ospetsuaren azken lana nahi dizuet gomendatu, “Oppenheimer” (2023) izeneko pelikula interesgarria, alegia. Leihatila bikaina egin duen arren, ez da horretarako diseinatutako filma, ez horixe! Iraupenak ez du laguntzen, pelikularen egitura ere ez da egokiena helburu hori erdiesteko eta gaia, are gutxiago. Hala eta guztiz ere, produktu bikain baten aurrean gaudela esan dezakegu. Izan ere, zinta hau osatzen duten osagai guztiak kalitate handikoak baitira: gidoia sendoa da; zuzendariak planteatzen duen egitura interesgarria da oso; gaiak, kontrakoa zurudien arren, Europan bizi izaten ari garena kontuan izanik, gaurkotasun erabatekoa du; aktoreen jardun interesgarriak barnebiltzen ditu… uda honetan zinemaz gozatzeko parada ederra ematen duen proposamena dugu hau.
Zintari izena ematen dion zientzialaria buru duen taldeak bonba atomikoa eraikitzeko burutu zuen prozesua kontatzen du filmak, baita lorpen zientifiko horren ondorioek protagonistarengan sortu zituzten hausnarketa sakonak ere, kontraesan itzelak ekarri zizkiotenak.
Ez da erraz kontsumitu daitekeen produktua, baina merezi du eskatzen duen ahalegina egitea, bai horixe!