Pentsa daitekeena baino mami gehiago duen pelikula bat nahi dut gomendatu aste honetan: “Barbie” (2023) izeneko lana, alegia. Gainera, txarteldegian arrakasta handia izaten ari da, uda honetan industriari mesede eskerga eginez.
Nire ustez film honek baditu hainbat interesgune: alde batetik, barnebiltzen dituen omenaldiak daude, hala nola, “2001, A Space Odissey” (1968) edota “Matrix” (1999) bezalako pelikulei egindakoak; erraza den arren, identifikatzea ikuslearentzako erronka polita izan daiteke. Beste alde batetik, hasieran aipatu den bezala, filmearen diskurtso mamitsu bezain interesgarria, non pil-pilean dauden zenbait kontu plantzeatzen diren: gizartean emakumeak duen papera, biztanleria engainatuta mantentzeko boterean dagoen jendearen estrategiak… Eta hori guztia umorea ahaztu gabe, hau ez baita Ken Loachen pelikula bat.
Pelikula honen atzean Greta Gerwig Sacramento hirian jaiotako zinema eta telebista aktore, gidoilari eta zuzendaria dugu. bere aurreko lanen artean “Lady Bird” (2017) edo “Little Women” (2019) bezalako film interesgarriak topa ditzakegu.
Bukatzeko, antzezleen lan borobila nahi nuke nabarmendu. Izan ere, bai Margot Robbiek, bai Ryan Goslingek, txapela kentzeko moduko karakterizazioak gorpuzten baitituzte.