Aste honetan, zine areto batean ikusi dudan pelikula batez hitz egingo dizuet. Woody Allenen pelikula baten aurrean gaude %100ean. Bestalde, zinemagilearen edozein lanez gauza bera esan daiteke, hortaz, begibistakoa den zerbaitekin hasi egin gara gaurkoan. Kontua da, aste honetan New Yorken jaio zen zuzendariak burutu duen azken filma nahi dizuedala gomendatu, “Golpe de Suerte” (2023) izenekoa, alegia. Oraingo honetan, Allen Frantziara etorri da bere 50. zinta errodatzeko, edonok susmatu ditzakeen arrazoiengatik. Pelikula honetan, ez da aktore lanetan aritzen, bere esanetan, komedia bat egin nahi ez duenean hala jokatzen du, paper komikoak baino egiten ez dakielako. Pelikula honek, ordea, tonu atsegina du, hori bai, komedia izatekotan oso beltza den komedia baten aurrean gaude.
Zinta honetan, azken batean, New Yorkeko zinemagilearen filmografian ohikoak diren gaiak topatzen ditugu, baina dena ondo eginda dago. Pertsonaia interesgarriak eta ondo definituak agertzen dira, gidoia ondo planteatuta dago, pantaila erraldoian ikusten dugunak interesari eusten dio etengabe… Aretotik irteten zarenean, gorputzaldi ona duzu eta ikusitakoaz hitz egin nahi duzu. Laburbilduz, ikustea merezi duen pelikula batez ari gara.
Amaitzeko, aktoreen lana nahi nuke goraipatu. Oraingo honetan, ez dira agertzen eskuarki Woody Allenen pelikuletan egoten diren aktore ezagunak. Izan ere, aktore frantsesak dira begibistan ditugunak, guretzako horren ezagunak ez direnak, baina oso lan txukuna zertzen dute.