Aste honetan Martin Scorsese handiaren azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Killers of the Flower Moon” izenekoa. Harrigarria iruditzen zait zelan 80 urteko pertsona batek zertu dezakeen tankera honetako lan erraldoia. Scorseseren indarra mirestekoa da. Pelikula luzea da oso, bere denbora hartzen du, erritmo motela du; baina ez zitzaidan astuna egin. Inongo momentutan ez nintzen aspertu edo tentsioa galdu. Bestalde zuzendariaren arrastoa nabaria da, nahiz eta bere beste lan batzuekin alderatuta oso bestelakoa izan. Ez dira falta film honetan zinemagileran horren propio diren traveling konplexu eta koreografiatu horiek, kamera kokatzeko leku originalak, plano berritzaileak, muntaia adimentsua… Nire ustetan, txapela kentzekoa da.
Asko idatzi da oraindik ere oso ibilbide laburra duen zinta honen inguruan eta, hortaz, oso zaila da ezer berria adieraztea. Bestalde, denok dakigu dagoeneko Osage leinuaren gorabeherak kontatzen dituela. Harritzekoa suertatu zitzaidan jakitea zelan bere garaian munduko herririk aberatsena bilakatu zen leinu hau haien lurretan “urre beltza” topatu zelako, etorkizunean haien galbidea ekarri zuena.
Amaitzeko nabarmendu nahi nuke Lily Gladstone aktorearen jardun zoragarria. Nire ustetan behinik behin, pelikulako aurkikuntzarik handiena da. Karakterizazio doitu bezain hunkigarria burutzen du.