Gaurkoan, David Fincher Denverren jaio zen zuzendariaren azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “The Killer” (2023) izenekoa. Badira zenbait film eragin oso argia izan dutenak lan honetan: Hasieran, oso argi dago Alfred Hitchcock handiaren “Rear Window” (1954) zinta zoragarriaren itzala. Baina, hori ez da dena, oso agerikoa da, bestalde, pelikularen egiturak antza handia duela Quentin Tarantino bihurriaren “Kill Bill: Volume 1” (2003) eta “Kill Bill: Volume 2” (2004). Izan ere, filmaren une zehatz baten aurretik mendeku istorio baten aurrean baikaude.
Pelikula honen atzean dagoen profesionala niretzako erraldoia da. Bere ibilbide profesionala arreta handiz jarraitu izan dut beti eta, duda barik, baditu lan erraldoiak borobilduta. Taldeko irudizko kolektibokoak diren lan batzuk bereak dira. Nork ez du ezagutzen “Seven” (1995) edo “Fight Club” (1999) bezalako zeluloide puskak?
Denok dakigu Fincher bideoklipak egiten hasi zela, bere errodatzeko modua baldintzatu egin duena. Hala eta guztiz ere, oso argi dago istorioak kontatzeko modu oso pertsonala duela, non irudien garrantzia erabateko den. Baina ez hori bakarrik, film honetan egiten duen soinuaren trataera, esate baterako, izugarria da. Zinea, nire iritziz behintzat, hizkuntza bat da, non egile batzuek probak eginez urrezko arauak finkatu dituzten. Urteak ditu dagoeneko hizkuntza horrek eta, argi dagoenez, ez da erraza ezer asmatzea une honetan. Bada, nik uste David Fincher gai izan dela bere ekarpena egiteko, oso zaila dena. Argi dagoenez, zuzendari honen kasuan ez naiz batere inpartziala.