Aste honetan, 2022ko pelikula bat nahi dizuet gomendatu, zein eta Darren Aronofskyren azken lana: “The Whale” (2022), izenekoa. Brooklynen munduratu zen zuzendariak oso elementu gutxirekin, mugikortasun oso mugatutakoak gainera, zeluloide-puska bat burutu egin zuen, zirraraz beterikoa, non eusten dion ikusleak sari ederra jasoko duen. Prezio bat ordaindu behar dela argitu behar da, halere. Izan ere, erraiak garbitzeko prest egon behar baitugu.
Nire uste apalean, zinta honek duen indargunerik hadiena zera da: oso premisa sinple batetik abiatuta, zuzendariak konplexutasun handiko istorioa sortzen duela. Izan ere, tipula bat bezala, geruza asko baititu lan honek: norberaren frustrazioak film osoa zeharkatzen du, baina baita alaba eta aitaren arteko harreman eskasa edo harreman-eza, norbera hobeto sentitzeko hurkoa zaintzeko beharra ez aipatzearren.
Pelikulak burutzen hainbat urte eman dituen arren, ez da Darren Aronofsky oso zuzendari emankorra. Nire ustetan baditu hainbat lan nabarmentzeko modukoak, hala nola, “Réquiem por un Sueño” (2000), “El Luchador” (2008) edo “Cisne Negro” (2010).
Pelikula honetan, baina, Brendan Fraser-ren lana goraipatu behar da, duda barik. Oso mugatuta egonda ere, emozio desberdin asko transmititzeko gai da eta.