Aste honetan, Bradley Cooper aktore eta zuzendari estatubatuarraren azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Maestro” (2023) izenekoa. Aldez aurretik pelikula irregularra iruditu zaidala esan behar dut. Izan ere, baditu zenbait aurkikuntza handi, Bradley Cooper zuzendari gisa kontuan izatekoa bihurtzen dutenak; baina, aldi berean, ahulezi batzuk ere begibistakoak dira, guztietan handiena egilearen aldetik dagoen neurrigabeko handinahia dugu, narrazioari inolako mesederik egiten ez diona.
Zinta honetan Cooper-ek Leonard Bernstein musikagilearen bizitza kontatzen digu. Gaia zinez interesgarria da, zeren eta musiko handi honen gorabeherek, ezagunak izateaz gain, film interesgarri bat egiteko material nahikoa ere eskaintzen baitute: bere ibilbide pertsonala, nortasuna aurkitzeko egin zuen bidai liluragarria, jendearekin izan zuen harremanatzeko modua, artearekiko zuen grina, lanean zuen perfekzionismoa… horiek denak osagai mamitsuak dira eta, nire uste apalean, kasu honetan ez zaie zuku guztia atera, lan interesgarri bat burutu bada ere.
Amaitzeko, Carey Mulligan aktorearen lan zoragarria nahiko nuke goraipatu. Izan ere, nire aburuz behinik behin, pelikularen indargunerik handiena baita. Berak burutzen duen karakterizazioa txapela kentzeko modukoa da.