Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarraren azken pelikula nahi dut gaurkoan gomendatu, zein eta “Fallen Leaves” (2023) izenekoa. Bere kasuan ohiko den moduan, lan gogor bat planteatzen digu non pertsonaien ingurune ankerrak bereziki markatzen duen bizitza ulertzeko duten modua. Bizi-egoera bereziki iluna dute, haien inguruan dena da iluna, pobrezia, dekadentea… Ez da bizi diren herriaren inguruan dugun ikuspegia, ezta hurrik eman ere! Horrek denak, nola ez, harremanak izateko duten era ere estuki baldintzatzen du eta, jakina, oso interesgarria da zuzendariak erakusteko duen modua. Izan ere, inongo momentutan ez baitu bere zintako pertsonaiak justifikatu edota makilatzeko inolako saiakerarik egiten.
Zuzendariak lan honetan etorkizun oso iluna duen harreman baten gorabeherak kontatzen dizkigu, aitzakia gisa bertako jendartearen egoera erakutsiko digu era gordin batean, eskertzekoa dena.
Aki Kaurismäkiren ibilbide profesionala dagoeneko luzea da eta bere filmak ez dira oso ezagunak publiko handiaren artean. Izan ere, bera Nouvelle Vague mugimenduaren miresle handia baita eta, zelan ez, horrek eragin handia du bere errodatzeko estiloan eta, beraz, bere filmen ibilbide komertzialean ere bai. Seguruenik, bere lanik ezagunena “Le Havre” (2011) izango da.
Aktoreen parte-hartzea bikaina da, eta filmari behar duen atmosfera ematen dio.