Aste honetan, “Anatomía de una caída” (2023) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Fécamp Frantziako udalerrian jaio zen Justine Triet zinemagilearen azken pelikula dugu hau. Nire uste apalean ez dira gutxi lan honek dituen indarguneak: Ikusleari datu batzuk emanez, bere gogoeta egiteko espazioa uzten dion filmea da. Zuzendariak gurekiko begirunea du, ez da dena emanda ematen saiatzen; are gehiago, amaiera ere guztiz irekia uzten du, norberak bere bukaera pertsonala burutzeko aukera ematen duena.
Pelikulak planteatzen duen egoera oso bihurria da, Izan ere, gorpu bat agertzen da eta gertatukoa ez dago batere argi: baliteke hildakoak bere buruaz beste egitea edota hilketa bat izatea, eta lekuko bakarrak txakur bat eta ikusmen urriko ume bat dira.
Zenbait sari lortutako lana da, hortaz, onarpen eta harrera ona izan duen film bati buruz ari gara. Nire iritzi apalean, joan den urteko filmerik onenen artean dago. Gidoi oso sendo bat eta aktoreen jardun doitu zein eraginkorrei esker, gozatzeko moduko lan baten aurrean gaude, duda barik.
Zuzendaria dokumentalak egiten hasi bazen ere, film labur bat eta lau film luze ditu. Hauxe bere azken lana da eta, alde handiz, kalitate onena duena, nire aburuz behinik behin.