Aste honetan, Denis Villeneuve Kanadako zinemagilearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Dune: Part Two” (2024) izenekoa alegia. Duda barik, zine-areto batean ikusteko moduko esperientzia da hau, ez soilik Villeneuve-k bisualki itzelezko indarra duelako, baizik eta osotasunean hartuta, beste edozein formatutan asko galtzen duen proposamena delako.
Bigarren atal honetan, hasierakoan kontatutakoari jarraitzen zaio. Pelikula ikusteko, hala ere, ez da erabat beharrezkoa hasierako patea ikusita izatea, zeharo gomendgarria den arren. Oraingo honetan, zinta ikusgarriagoa da, ekintza gehiago dago, ez dut esango dibertigarriagoa denik, ez dudalako honela pentsatzen, baina arinagoa dela ezin da ukatu, nahiz eta iraupen oso luzeko zinta den.
Non edo non entzun dut Denis Villeneuve-k irudiak besterik ez dituela zaintzen, trama berarentzat bigarren mailako zerbait dela. Ez dakit erabat ados nagoen baieztapen honekin, dena dela, bere pelikuletan goza daitezkeen planoen indarra ezin da ukatu. Proiektu bakoitzean denbora luze ematen duenez gero, ez ditu film asko buruturik; hori bai, nire ustetan behintzat, kalitate handikoak den-denak. Baten bat nabarmentze aldera, “La llegada” (2016) aipatuko nuke.