Aste honetan, “Àma Gloria” (2023) pelikula frantziarra nahi dizuet gomendatu. Marie Amachoukeli-Barsacq Frantziako zinemagileak duen bigarren film luzea dugu hau, baita burutu duen azkena ere. Egoera gordin bat modu atseginean erakusten badu ere, ikusleari mezua bere osotasunean iristen zaio. Adierazteko modu desberdinak tartekatzen ditu. Honela, istorioaren hainbat tarte animazioa erabiliz pantailaratzen ditu. Nire ustetan, zinemagileak erabiltzea guztiz zilegi badu ere, ez da beharrezkoa tresna hau erabiltzea. Are gehiago, erabaki arriskutsua dela esango nuke. Nire kasuan, behinik behin, lortu duen bakarra une horietan istoriotik ateratzea izan da.
Filmak, ordea, baditu hainbat indargune. Alde batetik iraupena doitua da. Zuzendaria ez da galtzen, ez bada animazioa erabiltzen duenean noski, eta kontatu nahi duena modu eraginkorrean adierazten du, baliabide egokiak erabiliz. Honek guztiak, pelikulari sinesgarritasuna ematen dio, tankera honetako lan batean ezinbestekoa dena.
Zinta honen zama gehiena bi antzezleen artean partekatzen dute, kontuan izanda horietako bat neskato bat dela, meritu handia du Marie Amachoukeli-Barsacq-ek lortu duen emaitza, ez baita batere erraza umeekin lan egitea.