Aste honetan, karteldegian nahiko ondo mantentzen ari den pelikula bat nahi dizuet gomendatu, zein eta “El Reino del Planeta de los Simios” (2024). Wes Ball Amerikako Estatu Batuetan jaio zen zuzendariaren azken filma dugu hau. Zintak baditu zenbait indargune, esate baterako, lanaren alderdi teknikoak ditugu. Gutxiago espero ezin daitekeen moduan, filma ezin hobeto eginda dago. Inon ikustekotan pantaila erraldoian ikusi beharreko lana da, duda barik. Bestalde, istorioak interesari eusten dio metraje osoan zehar eta ez du maila galtzen aurreko zintekin alderatzen bada.
Hala ere, nik uste dut lan hauek guztiak, ondo egonda ere, ez direla bereziki beharrezkoak. Pelikula klasikoarekin nahikoa dugulakoan nago, ekoizpen berri hauetan guztietan kontatzen dena norberak nahi izatekotan bere buruan eraiki dezake, kontatu diguten moduan edota beste era batean.
Lan honen zuzendaria, gorago aipatu den bezala, Wes Ball da. Ez du ibilbide oso luzea eta “El Corredor del Laberinto” (2014) eta sagako bestelako pelikulak burutu dituelako da ezaguna gehienbat. Nire uste apalean, lan honetan aurreko pelikula guztietan egindakoa gainditu du alde handiz.
Amaitzeko, aktoreen jardueraren inguruan mintzatu nahiko nuke, baina tankera honetako ekoizpenetan ez da bereziki garratzitsua izaten eta, tamalez, filma hau ez da salbuespen bat. Askoz munta hadiagoa du faktura teknilogikoak aktoreen lana baino.