Aste honetan, “El 47” (2024) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu, Marcel Barrena, Bartzelonako zinemagilearen azken zinta, alegia. Gertatutako pasadizo bat kontatzen du, lanari berebiziko indarra ematen diona. Girotze-lana bikaina da, baita erabaki formaletan ere, grano askoko irudiak barne; eta ez soilik garaiko irudietan, aktoreekin sortutakoak ere honela daude burututa. Hala ere, nire iritzi apalean, filmak duen indargunerik handiena emozionatzeko duen gaitasuna da, dudarik gabe. Izan ere, hainbat pasartetan erraiak nahasten baitizkizu.
Askotan komentatu dut zinearen funtzioetako bat batere justuak ez diren egoerak salatzea dela; bada, pelikula honen zuzendaria bat omen dator baieztapen honekin, zeren eta, bere lanen artean “Mediterráneo” (2021) nahiko saritua izan zen zinta baitago. Bestalde, nire ustetan nahiko hunkigarria den “100 metros” (2016) lana ere goraipatu nahi nuke. Barrenak badu beste ezaugarri bat pilo bat baloratzen dudana: aktoreak zuzentzen esku oso ona du, normalean ibiltzen dituen filme motan oso garrantzitsua dena.
Zinta honetan, bereziki gustatzen zaidan Eduard Fernández Bartzelonako aktoreak, ohi bezala, karakterizazio bikaina burutzen du.