Aste honetan, Ti West Ameriketako Estatu Batuetako zinemagilearen “X” (2022) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu.
Zuzendariak lan honetan metazinea egitea erabaki izan zuen, berez guztiz originala ez dena; baina, horren ohikoa ez dena zera da: ariketa hau egiteko aukeratu zuen nahasketa. Izan ere, beldurrezko film batean protagonistak film bateko aktoreak izatea ez da oso arraroa. Hori bai, aktore horiek pelikula porno batean aritzea beste kontu bat da, horrenbestetan ikusi ez dena.
Gaur egun ezin duzue zinta hau zinema-aretoetan ikusi, baina hainbat plataformatan eskuragarri dago eta, gainera, lan honen sekuela den “Maxxxine” (2024) izenekoa duela gutxi izan da zinemetan ikusgai. Kontua da, trilogia batez ari garela, zeren eta hirugarren lan bat dago, gomendatzen ari naizen honen prekuela dena, “Pearl” (2022) deituriko pelikula, alegia.
Gaurkoan aztergai dugun zinta honetan goraipatu behar da aktoreen lana, Mia Goth emakumezko aktorearena bereziki. Bi rol desberdin gorpuzten dituela kontuan hartzeko datua dela uste dut. Gainerako antzezleak ere oso sinesgarri daude haien karakterizazioetan, zuzendariaren lana kalitatezkoa dela esaten diguna. Gehitu horri gainera, planifikazio lan bikaina egiteaz gain, pelikulari itxura bikaina ematen diola. Izan ere, pelikulak egitan dena baino garestiagoa ematen baitu.