Aste honetan, Clint Eastwood aktore eta zuzendari estatubatuarraren azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Juror #2” (2024) izenekoa, alegia. Nire ustez, nabarmentzeko modukoa da 94 urterekin zuzendu izan duela Eastwoodek zinta hau. Historian zehar, soilik hiru zuzendari daude bera baino nagusiago izanik pelikula bat edo gehiago zuzendu dutenak: Manoel de Oliveira (105 urterekin), Leni Riefenstalh (100 urterekin) eta Kaneto Shindô (98 urterekin).
Film klasiko baten aurrean gaudela esan daitekeela uste dut. Izan ere, oso era akademikoan errodatuta baitago, kasu honetan indargunetzat hartu daitekeena. Harrituko zaituen enkuadre edo plano baten bila bazabiltza, hauxe ez da behar duzun produktua. Hori bai, istorio interesgarri bat era ulergarri batean kontatuta dagoena eskertzen duen horietakoa bazara, zinta hau zuretzako egina dago.
Badira modu desberdinak ikuslea besaulkian iltzatzeko. Bada, Clint Eastwoodena beti izan da istoriaren bidez lortzea. Kasu honetan, dilema moral sakona planteatzen digu zuzendariak, ekintza gutxi egon arren, interesari eusteko nahikoa dena.
Epaiketen inguruko lanak gustuko izanez gero, pelikula hau ikustean burura etorriko zaizue “12 Hombres sin Piedad” (1957), duda barik.
Amaitzeko, aktoreen jarduna nabarmendu nahiko nuke, Toni Colletteena bereziki.