Nosferatu

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2025ko urt. 12a, 10:09

Fitxa teknikoa:

Jatorrizko izenburua: Nosferatu

Zuzendaria: Robert Eggers

Gidoilaria: Robert Eggers. Liburua: Bram Stoker

Aktoreak: Lily-Rose Depp, Bill Skarsgard, Nicholas Hoult …

Herrialdea: AEB

Iraupena: 132 minutu

Ekoizpen-urtea: 2024

        Aste honetan, Robert Eggers zinemagile estatubatuarraren azken lana nahi dizuet gomendatu, zein eta Nosferatu” (2024) izenekoa, alegia. 

 

        Ez da erraza propioa ez den material batean norberaren nortasuna ezartzea. Horixe dugu, hain justu, pelikula honen indargunetako bat. Egia da, Bram Stoker Dublin hirian jaiotako idazlearen Dracula” (1897) eleberriaren onartu bariko bertsio bat izateak nolabaiteko askatasuna ematen diola Eggersi, baina norberaren ukitua ematen jakin behar da. Egilearen nolakotasun batzuk oso agerikoak dira, hala nola, giro itogarria, iluntasuna, ikuslea deseroso sentiaraztea… era honetako lanak gustuko izatekotan, hona hemen aukera ederra.

 

        Pertsonal mailan, zuzendariaren beste proposamen batzuk, nire ustez pertsonalagoak izan direnak, interesgarriagoak dira, hala nola, The Witch” (2015) edo The Lighthouse” (2019). Hala ere, hain ezaguna den proiektu batetik onik ateratzeak meritu handiko kontua da.

 

        Amaitzeko, antzezleen jarduna goraipatu nahiko nuke. Denen artean ezagunena, duda barik, Willem Dafoe dugu. Berarengandik karakterizazio bikaina espero izaten dugu beti eta, noski, ez da hauxe salbuespen bat izan. Baina, nire ustez, behinik behin, horren ospetsuak ez diren beste aktore batzuk daude lan honetan jardun zoragarria burutzen dutenak. Guztien gainetik Lily-Rose Depp dugu, karakterizazio bikaina burutuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide