Aste honetan, “Casa en Flames” (2024) Dani de la Orden Bartzelona hirian jaio zen zuzendariaren azken pelikula nahi dizuet gomendatu.
Azaltzen den egoeraren bat sinesgaitza iruditzen zaidan arren, osotasunean hartuta, nire ustetan behinik behin, lan honen indargunerik nabariena transmititzen duen sinesgarritasuna da. Pantailan ikusten den ea dena sinesteko modukoa da, gutako edozeinen bizitzan gerta daitekeen zerbait, alegia. Bestalde, gidoiak duen barneko logika eta egituraren koherentzia oso handiak dira, ikustaldia oso esperientzia atsegina bilakatzen duena.
Aktoreen lana, gainera, bikaina da. Bakoitzak bere pertsonaiari behar duen tonu egokia ematen dio, baina guztien gainetik Emma Vilarasau aktore beteranoaren jarduna goraipatu nahiko nuke. Bere pertsonaia oso ondo garatuta dago gidoian, nire ustez, baina Sant Cugat del Vallès udalerrian jaio zen antzezlearen karakterizazioak egia helarazten dio ikusleari, eskertzeko modukoa dena. Aktoreen zerrendako gainerako profesionalen lana azpimarratzeko modukoa ere bada, duda barik, komedia beltz honi mesede handia egiten diona.
Amaitzeko, zinta hau niretzako ezuste atsegina izan dela esan nahiko nuke. Izan ere, zuzendariak orain arte egin duen guztia ez baita nire gustukoa izan eta, horrexegatik, ez nuen gauza handirik espero. Hala ere, pantailaratu duen istorioa erakargarria eta hunkigarria suertatu zait, guztiz gomendagarria.