Sinners

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2025eko maiatzaren 18a

Fitxa teknikoa:

Jatorrizko izenburua: Sinners

Zuzendaria: Ryan Coogler

Gidoilaria: Ryan Coogler

Aktoreak: Michael B. Jordan, Hailee Steinfeld, Miles Caton …

Herrialdea: AEB

Iraupena: 137 minutu

Ekoizpen-urtea: 2025

      Aste honetan, Ryan Coogler, Oackland hirian munduratu zen Ameriketako Estatu Batuetako zinemagile gaztearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu: zein eta Sinners” (2025) izenekoa, alegia.

 

      Pelikula honek genero nahasketa potentea du. Haien artean beldurrezko pelikula bat ere barneraturik dago. Aitortu behar dut ez dela hau nire generorik maitatuena, hala ere, lan interesgarri baten aurrean gaudela esan behar dut. Gai zentrala bakarra den arren, nire ustez azpigai gehiegi jorratzen ditu, nire kasuan nolabaiteko dispertsioa eragin duena.

 

      Zinta hau Michael B. Jordan aktore estatubatuarrarentzat erronka handia izan da. Izan ere, anai bikiak gorpuztu behar izan baititu Santa Ana hirian jaio zen antzezleak. Arlo honetan onik atera dela esan beharra daukat.

 

      Zuzendari gazte honek baditu hainbat lan entzutetsu bere ibilbidean zertuak. Nire iritziz onena, gomendatzen ari garen hau kendua, Creed. La Leyenda de Rocky” (2015) izenekoa delarik.

 

      Aipatu izan dut dagoeneko ez dela izan txunditu egin nauen film bat, baina hori iritzi pertsonal hutsa baino ez da. Bestalde, ari naiz gomendatzen zeren eta, guztiz borobila ez den arren, nire ustez gauza interesgarriak baititu eta, ez dezagun ahaz, norberak ikusi ondoren atera behar dira ondorioak. Eta horretarako zine aretora joan behar da, azken bolada honetan galtzen ari den ohitura ederra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide