Aste honetan, Kathryn Bigelow Ameriketako Estatu Batuetako zuzendariaren azken pelikula nahi dizuet gomendatu; zein eta “A House of Dynamite” (2025) izeneko lan dardaratia, alegia. Kaliforniako San Carlos hirian jaio zen emakumezko zuzendaria trebea da oso tentsioari eusten eta ekintza sekuentziak burutzen eta, gainera, aktoreen jarduna ez du albo batean uzten duten horietakoa. Honengatik guztiagatik, bere zintak interesgarriak izaten dira ea beti.
Pelikularen abiapuntua horren da indartsua kasu honetan, ezen ezinezkoa baita besaulkian iltzaturik ez gelditzea. Horrez gain, Bigelow gai da proposamen bisual interesgarria eta ez lineala martxan jartzeko. Honi esker, errazago du pertsonaia bakoitza era egokiago batean garatzeko, ikusleari nolabaiteko identifikazioa eraikitzeko baimena emanez. Pelikula era egokian dago eraikia eta inbertitutako dirua agerian geratzen da.
Ezin dugu ahaztu Oscar saria irabazita duela “The Hurt Locker” (2008) filmarekin, zeinarekin zuzendari onenari dagokion premioa ere eskuratu zuen. Bestalde, “Zero Dark Thirty” (2012) lan interesgarriari esker beste izendapen bat ere lortu zuen.
Gomendatzen ari naizen zinta hau korala da eta, jakina, aktoreen lana goraipatzea ez da erraza. Hala ere, den-denak karakterizazio sinesgarriak egiten dituztela esan behar da. Izenik ezagunenak, duda barik, Idris Elba eta Rebecca Fergusonenak dira.