[IRITZIA] Norabidean dago koxka

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Odriozola 2019ko abe. 31a, 07:00

Ilustrazioa: Argia.eus

Duela gutxi lagun batek esan zidan alabari galdetu zionean honek Olentzerori zer eskatuko zion, honela erantzun ziola: “Mugikorrarekin ibiltzeko askatasuna eskatuko diot ama”. Ukaezina da azken urteotan teknologiarekiko garatu dugun dependentzia izugarria dela eta ausartuko nintzateke esatera askotan gaixotasunaren mugan ere aritzen garela.

Teknologia berez ez da txarra, izatez neutroa izan beharko luke, baina ematen zaion erabileran dago gakoa. Gaur egun, bizi estiloa ikaragarri aldatu zaigu; guk uste duguna baino askozaz ere gehiago. Telebista ikusteko modua aldatu zaigu, kate orokorren audientziak eta zinemak pixkanaka husten ari garelarik. Erosketak etxetik egiten ditugu: arropa, gailuak, otorduak, etxeko hozkailua betetzeko asteko erosketak… edota duela hamarkada bat pentsaezina zena: kotxea gidatzerakoan edota Euskal Herriko edozein hiriburutako tabernaren batera oinez nabigatuko gaituen patroia daukagu eskuan.

Komunikazio aldetik ere aldaketa ikaragarria izan da. Nola aldatu diren lagun arteko harremanak kamarada! Zein millenialek daki etxe ondoko parkean ordu jakin batean lagunekin geratu eta berandu iritsiz gero, herrian bueltaka lagunen bila ibiltzea zer den? Eta zein erreza den aurpegira esaten ausartzen ez garen kontuak mugikorretik idaztea eh! Baina kontuz! Izan ere, inoiz baino lagun gehiago ditugu sare sozialetan, baina kalera oraindik ere betiko lauekin irteten gara. Eta zer esan sexu harremanei buruz? Lehen tabernako mozkorraldiak pasa behar bikoteren bat aurkitzeko… orain aplikazio batean izena eman eta aurre-lanak eginak dituzu!

Adingabeek pornora gero eta gazteago jotzeko kontua edota komunikazio “merke” horrek bullinga areagotzean duen eragina ere aipatu nahi nituzke, baina gaiak askorako ematen du. Eskoletan ohikoa da ikasleek beren eposta edota ordenagailu bat izatea. Azken aldian, Eusko Jaurlaritzaren bedeinkazioaz eskoletan banatzen ari diren Chromebook famatuak adibidez. Konturatzen al gara gure haurren datuak eta teknologia kontsumo ohiturak nora bideratzen ari garen? Google anaia handia hor dago eta ez du ezer doainik ematen: zerbitzua ordainpekoa ez bada, ordaina zeu zarelako da.

Teknologia berriek dena potentziatu dute. Gauza onak erraztu eta azkartu dizkigute, baina berarekin batera txarrak ere. Bizitza erraztu digute, jakintza ia infinitua eta komunikazio gaitasuna ikaragarria dago gaur egun ia denon eskura, baina aurkiaren beste aldean dago ifrentzua: Indibidualismoa, bakardadea, ludopatia, konpetitibitatea, fake news eta iritzi korronteak, pribazitate eza ere potentziatzea baitakar eta garesti ordain dezakete belaunaldi berriek.

Erosotasun eta azkartasuna gauza ederrak dira, baina zertarako? Zer gizarte mota eraiki nahi dugu? Teknologiak horretan asko lagun diezaguke, ondo bideratuz gero. Hortxe dago koxka.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide