IRITZIA

Mundu fisiko eta birtualean bizitzen

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Harto 2026ko martxoaren 13a

Mundu fisikoa eta birtuala uztartzeko zailtasunak sortzen dira eguneroko bizitzan. / Aiaraldea.eus

Digitalizazioak izugarrizko presentzia hartu du gure eguneroko bizitzan. Mugikorra leku guztietara eramaten dugu: lanera, klasera baita komunera ere. Donna Haraway teoriari jarraituz, esan dezakegu mugikorra gure gorputzaren eta adimenaren luzapen bihurtu dela. Mugikorra ez da poltsikoan eramaten dugun gailu bat soilik, bere ustez, organismo eta makinen arteko mugak ezabatu dira eta horrek “cyborg” bihurtzera eraman gaitu.

Gutako askok mugikorra eta han zeuden argazkiak galtzean gure bizitzaren zati bat -eta gure oroitzapenak- galtzen dugula sentitzen dugu. 

Ezin dugu ukatu digitalizazioak onurak ekarri dituela, izan ere, birplanteatu behar diren problematika asko ere agertu dira. Prezio garestia ordaintzen ari gara arretari eta osasun mentalari dagokionez, eta ezinezkoa da digitalizazioak ireki duen mundu bikoitzan (fisikoan eta birtualean) modu osoan eta osasuntsuan aritzea. 

Hau da, badirudi gaur egun bi eremutan bizi garela: familia zaindu edo lan egiten dugun bitartean, ezin dugu ahaztu mezuak erantzun behar ditugula. Horrela, ba, errealitate fisikoan gauden bitartean, birtualean gertatzen denaz ere arduratu behar gara, besteek badakitelako konektatuta gaudela. 

Adibidez, Euskaditik kanpo bizi arren, lagunen egunerokoan egon gaiteke BeReal bezalako aplikazioen bidez. Gure presentzia hor dago, modu birtualean izan arren. Edozein momentuan konektatuta eta erraz aurkitzeko moduan gaudela pentsatzen dute besteek. Baina eguneko orduak mugatuak dira. Beraz, zeri eman behar diogu garrantzia: kafe bat hartzeko denbora fisikoa ateratzeari edo etengabeko komunikazio digitalari?.

Datuen arabera, gero eta gehiago kostatzen zaigu jarduera batean arreta mantentzea. Egia esanda, ez da harritzekoa: jakinarazpen bakoitzak gure atentzioa zatitu egiten du. Adibidez, pelikula bat ikustean elkarrizketa digital bati ekiten badiogu, gure arreta erdia pelikulan dago eta beste erdia elkarrizketan, bi jarduerak erdizka utziz. Nire galdera hurrengoa da: noizbait egingo dugu jarduera bat jarraian bi errealitateetan bizi bagara?.

Laburbilduz, errealitate bikoitz honek gure konpromiso sozialak ugaritu eta arreta suntsitu ditu. Ondorioz, dena egin ezin duzun sentsazioa baduzu, har ezazu lasai: fisikoki ezinezkoa da fronte guztietara iristea, inguru digitalak aukera hori posible dela sinetsarazi nahi digun arren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide