IRITZIA

Maskararen erabilera

Erabiltzailearen aurpegia Valentin Campo 2022ko abe. 30a, 07:27

2020ko martxoan iritsi zen guregana COVID-19aren pandemia. Gauza berria zen; ez geunden horretarako prest. Egia esan, inork ez zekien oso ondo nola aurre egin fenomeno berri horri. Argi zegoen bakarra zen oso gaixotasun kutsakorra zela eta mundu osoan hilkortasun tasa handia zuela.

Orduan, inoiz ikusi gabeko neurriak hartu ziren: justifikatu gabeko lekualdatzeak debekatzea, etxean isolatzea eta abar. Baina, hasiera batean, ez ziguten ezer esan maskara erabiltzearen derrigortasunaren inguruan. Ez zuten gomendatu ere egin. Bestelako neurriak hartu ziren, esaterako, lan esparruan: desinfektatzea, eskularruak erabiltzea…

Hilabete batzuk geroago, ministro-agindu bat publikatu zuten 2020ko maiatzaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofizialean. Agindu horren 3. artikuluan honela arautu zuten maskararen erabilera espazio publikoetan:

“3. artikulua. Maskara nahitaez erabili beharreko espazioak. Maskara nahitaez erabili beharko da bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta erabilera publikoko edo jendearentzat irekita dagoen edozein espazio itxitan, baldin eta pertsonen-arteko segurtasun-tartea gutxienez 1,5 metrokoa izatea bermatu ezin bada”.

Eta horrela egon ginen 2022ko martxoaren 19ko ministroen kontseiluaren ondoren maskararen nahitaezko erabileraren amaiera dekretatu zuten arte. Erabakia hartzeko kontuan hartu ziren biztanleriaren txertaketa-indize altua eta egoera epidemiologikoaren hobetze orokorra. Nolanahi ere, hiru salbuespen geratu ziren indarrean:

  1. Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetan.
  2. Zentro soziosanitarioetan eta, bereziki, adinekoen egoitzetan.
  3. Aireko, trenbideko edo kable bidezko garraioan, bidaiarien garraio publikoan eta ontzien espazio itxietan, segurtasun-tartea mantendu ezin denean.

Lehen bi salbuespenek garbiak eta beharrezkoak dirudite. Baina, jar dezagun arreta hirugarrenean, garraio publikoan.

Inon ez da zehazten garraioaren edukieraren araberako neurririk. Hau da, nahitaez erabiltzen jarraitu behar da, zenbat pertsonek bidaiatzen duten kontuan hartu gabe. Jar dezagun adibide argi bat: bakar-bakarrik bidaiatu dezakezu autobus batean eta, hala ere, maskara ondo jarrita eraman beharko duzu. Behin autobusetik jaitsita, 20 pertsona dauden taberna batean sar zaitezke, 300 pertsona dauden zinema-areto batean, 10.000 pertsona dauden saskibaloi partida batean, 50.000 pertsona dauden futbol partida batean edo 100.000 pertsona dauden San Tomas azokara joan. Egoera horietako bakar batean ere ez da nahitaezkoa maskara erabiltzea. Badirudi SARS-COV2 birusak, pandemiaren eragileak, garraioarenganako joera berezia duela eta bertan bakarrik kutsa daitekeela.

Bestelako neurriak hartzea zentzuzkoa izango litzateke? Ez naiz aditua baina, ziurrenik, bai. Leporaino beteta dagoen garraioan kutsatzeko askoz aukera gehiago dago? Bai, noski. Masifikatutako beste edozein lekutan bezala. Aurreko adibidearekin jarraitua, tabernan, zineman, kirol pabiloian… adituek erabaki behar dute zer neurri ezarri, horixe besterik ez genuen behar. Baina, logikak dio, goraino dagoen zinema batean kutsatzeko askoz aukera gehiago dugula hutsik doan tren-bagoi batean baino.

Egongo da kutsatzeko beldur dela dioen jendea, arrazoi osoz. Ondo da, erabil dezatela maskara borondate propioz. Inork ez die trabarik jarriko. Kontrara, ez dirudi arrazoizkoa erabilera denontzat baitezpadakoa izatea, batzuen beldurra medio.

Azkenean, bidaiarioi eta garraioko langileei nahitaez erabiltzea besterik ez zaigu geratzen; horrek dakartzan kalte ekonomiko eta psikologikoekin. Izan ere, jendearen nekea agerikoa da. Baina, badirudi, oraingoz eustea besterik ez dugula.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide