Lasterketa Tubos Reunidos enpresako langileek zinta moztu eta gero hasi da. Lan gatazka handi bat bizitzen ari da Aiaraldeko enpresa. Aiarako Bira lurraldeari eta bertako jendeari lotutako lasterketa bat da eta, gainera, eragindako hainbat langile txapelketako laguntzaileak dira. Doakiela gure elkartasuna haiei guztiei.
Kirol arloari dagokionez, jardunaldiak aurreikusitako gidoiari erantzun dio. Zaraobeko igoerek tropela bahetu dute, baina behin betiko erasoak Lezamako Horman izan dira. Tropela erabat hautsita helmugaratu da. Buruan 27 txirrindulariko talde bat iritsi da (40 km/h-tik gorako abiaduran) eta Manuel Fernandezek indartsuena dela erakutsi du, Artziniegan eta Arespalditzako erlojupekoan bezala. Kantabriako korrikalariak, lasterketako protagonista nagusietako bat, hirutik hirukoa lortu du.
Nestor Herrera laugarren sartu da helmugan. Haren atzetik bi segundoko eten txiki bat gertatu da, ordura arte lasterketako liderra izan denak zeraman aldea, hain zuzen ere. Horrela, denborari dagokionez berdintsu, "puestometroak" markatu du posizioa. Lider aldaketa bat utzi digu egunak, lehen bi postuetako lasterkariak denbora berarekin sailkatuta, lau etapa eta 150 km baino gehiagoko lehiaketaren ondoren.

Konturatu orduko helduko da lasterketaren azken asteburua eta sailkapen guztiak irekita daude. Larunbatean amaiera gogorra izango dugu Menagaraiko San Pedron eta igandean birritan igoko dira Arespalditza eta Garate gainak. Itxura guztien arabera, emozioak gori-gori iraungo du azken metrora arte.
Horrela dago, gaur gaurkoz, sailkapen orokorra:
