Nestor Herrera kanariarrak, San Pedro de Menagaraiko helmugan hirugarren postua eskuratuta, lasterketako lidergoan sendotzea lortu du.
Lasterketaren aurretik, Aitor Iza Orozkoko alkateak eta Iñigo Pinedo Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak zinta moztu dute protokoloak agintzen duen bezalaxe.
Jardunaldia garrantzitsua izango zela aurreikusia zen, Chozas, Arespalditza eta Beotegiko mendateekin eta San Pedro de Menagaraiko amaiera gogorrarekin.
Baina lasterketa goiz hasi da definitzen. Euria etengabekoa zen irteera unean, eta horrek Orozkoko erdigunean galtzada-harrizko hiru pasabideek tropela moztea ekarri du. Borrokarako gogoa zegoen. Ziorragara iritsi arte erasoak etengabeak izan dira tropelaren buruan. Baina ihes nabarmenik gabe. Bertan hasi da eguneko lehen igoera eta tropela lasaitu egin da, Arespalditza eta Menagarai igaro arte lasterketa kontrolatuagoa izan delarik.
Une horretan mugimendu ausarta ikusi dugu liderraren taldeko txirrindularien aldetik, Gran Canaria Bike Team, alegia. Beotegi bakarrik koroatu duen Pablo Alvarez aurrera bidali du taldeak. Jaitsiera azkarra izan da Kexaaraino eta buelta Menagarairantz berriro. Gehieneko aldea 40 segundokoa izan da, eta helmugatik 3 kilometrora 20 izatera jaitsi dira tropelak egindako lanagatik. Une horretan hasi da etapako igoera erabakigarria.
2 kilometroren faltan, liderra bera izan da erasoa jotzen zuena, taldekidea hartu du eta azken kilometroan sartu da taldeko lehen txirrindulariekiko segundo mordoxka batekin. 200 metroren faltan tropeleko aurrelari-taldeak harrapatu ditu, baina Nestor Herrerak 3. amaitu du helmuga eta lidergoa sendotu du.
Samuel Muñoz Salamancako Maguisa-Guijuelo taldeko txirrindulariak irabazi du etapa. Lehen urteko kadetea Extremadurako Itzulia irabaztetik dator, eta mendiko liderra da. Zalantzarik gabe, lasterketako izen nabarmenetako bat da. Helmugan bigarren Eneko Ruiz izan da, Getxoko Videocar Bilbao-Punta Galea taldekoa.
Sailkapen Nagusian Nestor Herrera liderragoa da, Gonzalo Vegari 33 segundoko aldea ateratzen baitio.
Azken etapa jokatzeke da oraindik, Laudion hasi eta amaituko dena. Txirrindulariek bi itzuli emango dizkiote Arespalditza, Okondo eta Laudioko zirkuituari. Garateko bigarren pasabidea helmugatik 4 kilometrora izango da. Txirrindularitzarako jardunaldi handia izango da.
Hemen ikusi daiteke osorik gaurko etapa: