"Greziako kanpamentuetan oinetakoak funtsezkoak dira. Hotz handia dago eta txankletekin daude"

Aitor Aspuru Saez 2016ko aza. 23a, 16:00

LEIRE LARISGOITIAk (Laudio, 1981) hamar dokumental ekoitzi ditu urte batean. Astelehenean aurkeztu zuen Zinebin Giza Eskubideak jorratzen dituen lanetako bat. Grabaketetan ezagututako errealitate ezberdinen ondorioz, Greziako errefuxiatuen kanpamentuetarako bota bilketa abiatu du eskualdean.

 

Botak biltzeko ideia nola otu zitzaizun?

LEIRE LARISGOITIAk (Laudio, 1981) hamar dokumental ekoitzi ditu urte batean. Astelehenean aurkeztu zuen Zinebin Giza Eskubideak jorratzen dituen lanetako bat. Grabaketetan ezagututako errealitate ezberdinen ondorioz, Greziako errefuxiatuen kanpamentuetarako bota bilketa abiatu du eskualdean.

 

Botak biltzeko ideia nola otu zitzaizun?

Grezia iparraldean dagoen Chersoko kanpamentuetara joan ginen Eurotransit telesailaren dokumentala grabatzera. 10 egun eman genituen han bi GKErekin kolaboratzen. Dokumentalak errefuxiatutako umeen egoera islatzen du hezkuntza ikuspegitik, izan ere, ez dute eskolara joateko aukerarik. Egoera ikusita zaila da pertsona bera izaten jarraitzea, oso gertutik bizitzen duzulako errealitatea, oso erantzule sentitzen zara, politikariek ez dutelako ezer egiten. Abian zer jarri genezakeen pentsatzeari ekin genion grabaketa taldeko kideek. 

 

Zer nolako egoera bizi dute ba?

Hotz handia dago eta txankletekin daude. Lortzeko zailena botak zirela esan ziguten. Oinetakoak funtsezkoak dira. Bazter guztiak daude lokaztuta, eta umeek kalean egon nahi dute. Zelaien baldintzengatik eta oinetako ez egokiengatik gaixotasun asko hartzen dituzte. Produkzio enpresatik abiatu genuen ekimena, eta bakoitzak bere inguruan zabaldu du. Laudioko lagunek ekimena ikusi eta mobilizatzeari ekin zioten. Whatsappek, sare sozialek... asko lagundu dute. Dagoeneko 6 palet ditugu Seur-ren bidez bidaltzeko, Areta eta Orozkoko botak aintzat hartu gabe. Bilbon, Eibarren, Zumaian, Kantabrian, Zaragozan, Bartzelonan eta Madrilen ere egin dute bilketa.

 

Aiaraldean zenbat oinetako jaso dira?

 

"Larunbatean egindako kalkuluen arabera, 800 oinetako pare dira, baina bikoiztea espero dugu"

 

 

Akaso, 1.800 bota pare izan litezke. Beraz, errefuxiatuen gaia ez dago hain hotz. Niri horrek harritu nau, jendea gertatzen ari denaz kontziente da; ez dituzte oinetako zaharrak ekarri, jende gehiena erosten ari da, eta galtzerdi eta guzti ari dira bidaltzen. Jendea hunkituta dago gaiarekin, mugitzeko garaia da. Gerratik ihesi dabiltzan familiak, hemen eta beste herrialde batzuetan gertatu den bezala, behar duten lekua merezi dute. Behartutako migrazioaz ari gara, larrialdi kasua da. Grezian, oraintxe bertan, 60.000 errefuxiatu daude, Laudioko populazioaren hirukoitza, egoera lotsagarria da: hain konplikatua al da bidezko banaketa bat egitea?

Umeetako batzuek ez dute negua gaindituko. 0 gradutan, argirik gabe eta kanping-dendetan ezin da bizi. Ez dute kanalizaziorik, dutxak ur hotzekoak dira...

 

Zertan datza Europatransit proiektua?

2015ean aurkeztu genuen Donosti 2016 Kulturaren Hiriburuaren inguruko lehiaketa publikoan, eta irabazi egin genuen. Urtebetean egin beharreko 10 dokumental dira, 55 minutuko iraupenekoak. Giza Eskubideen gaiari jarraiki, 10 hiri eman zizkiguten.

 

"Trama kultural edo artistiko baten bidez errealitate ezberdinak azaleratzen saiatu gara dokumental bakoitzean"

 

Ceutan, esaterako, argazki erakusketa egin genuen argazki-kazetari batekin. Horretarako, Ceutara iritsitako etorkinekin jarri ginen harremanetan, pertsonak eta haien errealitatea ezagutuz.

Ondoren, Belfasten egon ginen, gatazkaren inguruko solasaldi batean. Gatazkaren alde guztiekin hitz eginda zein gairi heldu behar zitzaion jaso genuen. Dresdenen, berriz, errefuxiatuen gaia landu genuen elkarteekin, kulturaren bidez integrazioan laguntzeko egiten duten lana bistaratzeko. Wroclawen giza liburutegia egin genuen, bazterkeriaren ingurukoa. Ekimen hori beste hiri batzuetara hedatu dute gero. Ideia horren bidez, elkarrizketak historia errealekin lotu genituen. Polonian, adibidez, homofobiak, xenofobiak, arrazakeriak eta abarrek asko harritu ninduten. Gobernuek ez dute ezer zigortzen.

"Sarajevon, berriz, Mursego musikariarekin bidaia bat egin genuen. Egunero kalean jotzen zuen, txelista batekin jarri genuen harremanetan. Gerran tiro gunea etetea lortu zuen"

 

 

Maitek errealitate ezberdinak ezagutu zituen, eta horiek soinu bilakatu.

Moskukoa izan zen pieza periodistikoena, adierazpen askatasuna jorratu baikenuen. Plovdiven (Txipre), Amets Arzallus deskubritu genuen, Euskal Herriarekiko pararelismoak partekatzeko. Ametsek poesia inprobisatua edo bertsolaritza egiten zuen. Era horretan, poesiak gatazken atzean dagoena azaleratzeko duen gaitasuna ikusi genuen. Hortik Bulgariara jo genuen, hiru koreografia-artistekin. Dantzaren bidez errealitate ezberdinak hauteman genituen. Pristinan dokumental ilunagoa egin dugu, gatazken ostekoei helduz, gerra krimenen lanketa, gatazken zauriak nola zaindu... aztertuz. Chersoko errefuxiatuen kanpamentuetan bukatu dugu urtea.

Dokumentalen bildumarekin pozik zaude, beraz?

Donostiak proiektu hau pentsatu zuenean hiriak zoriz aukeratu zituela uste dut. Haiek ere onartu digute ez zutela uste dokumental bakoitzak identitate ezberdina izango zuenik. Gu lekura kanpo ikuspegi batetik joaten saiatu gara, ikuspegi politikorik gabe, gatazken tripa edo barrenetara jotzeko bertako jendearekin.

Zein bide egiten ari dira ekoitzitako lanak?

ETB4n emititzen ari dira, Donostia 2016 egitasmoaren barruan, baina jendeak ikusteko aukerarik ez duen orduan: ostegunetan 23:30ean. Nik, pertsonalki eta komunikazioko profesional gisa, ETBrekin kolaboratzen duten pertsonaia oso ezagunak dituzten dokumentalak izanda, Mursego eta Amets Arzallus kasu, ez dut ulertzen.

 

"Berezko ekoizpena izanda, erabaki politikoa dela esango nuke ordu horretan emititzea, ez telebista publikoaren erabaki estrategikoa"

 

ETB4an emititzen ari dira, eta ETB3n hainbat dokumental botako dituzte. TV3ekin ere harremanetan gaude.

Jaialdietan ere parte hartzen ari zarete.

Hainbat festibaletan egon gara: San Frantziskon, Dublinen, Belfasten, Dresdenen, Ceutan... Munduko telebisten merkatuan ere eskaini ditugu dokumentalak. Online ere jarriko ditugu, Creative Commons lizentziapean.

Nola bizi izan duzu esperientzia?

Bidaia bat bezala.

 

"Salvados programatik bost urteko esperientzia dakart, beraz, entrenatuta iritsi naiz egoera oso gogorretan inplikatzerako orduan"

 

Kasu honetan taldea ez da hain handia izan, gutxiren artean gauzatu dugu. Dokumental bakoitza 7 lagunek egin dugu, grafistak barne. Hilabetero burua toki batean jartzea eskatzen zuen, dokumentatzea, eta oso gaizki pasatzen ari diren pertsonekin tratatzea. Horrek pertsona gisa hazi egiten zaitu, duzuna baloratzen ikasten duzu.

Eskuartean baduzu beste proiekturik?

Oraintxe bertan oporrak nahi ditut. Gabonetan hemen inguruan eta lasai egon nahi dut. Hilero leku batean egon gara, eta berriro kokatzeko denbora behar dut. Geroz eta gehiago gustatzen zait aukeratu dugun ildoa, oso eroso sentitzen naiz dokumentaletan. Funtzio soziala ere betetzen dugu, errealitate ezberdinak ezagutaraztekoa. Dokumentalak freskura hori izatea ahalbidetzen du, momentu errealen bidez zuk bizitakoa plazaratzeko magia. Horretan jarraitzea espero dut.

Zer da ikuslearengan sortu nahi duzuena?

Gure helburua da hausnartzea, baina ez dugu inoiz jarrerarik markatzen. Ceutako dokumentalarekin familia giroan pase bat egin nuen eta denak geratu ziren ukituta. Barrenak mugitzea da kontua, errealitate horiek hor daudela jakitea, bakoitzak gauzekiko iritsi pertsonal eta formatua izatea, “etorkinen uholdeen” titularretatik harago. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide