"Iñigo Cabacasen kasua itxiz gero Estrasburgora edo behar den tokira joango gara"

AMAIA LICERANZU LARRAZABAL (Laudio, 1953) Iñigo Cabacasen izeba da. 2012ko apirilaren 9an hil zen Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz, Athleticeko partida baten ostean izandako kargan. Autopsiak frogatu zuenez, kolpeak buruhezurra hautsi zion, eta hemorragiak bizia. Abenduan erabakiko du epaileak auzia itxi edo ez.

Gertutik bizitzea egokitu zaizu Iñigo Cabacasen kasua. 

AMAIA LICERANZU LARRAZABAL (Laudio, 1953) Iñigo Cabacasen izeba da. 2012ko apirilaren 9an hil zen Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz, Athleticeko partida baten ostean izandako kargan. Autopsiak frogatu zuenez, kolpeak buruhezurra hautsi zion, eta hemorragiak bizia. Abenduan erabakiko du epaileak auzia itxi edo ez.

Gertutik bizitzea egokitu zaizu Iñigo Cabacasen kasua. 

Nire ahizparen semea izaki, harreman estua izan dugu beti. Min askorekin bizitzea tokatu zaigu. Gogoan dut ahizpak goizeko 8:00etan deitu ninduen eguna, Ertzaintzak Iñigori pilotakada bota eta Gurutzetan koman zegoela esanez. Sekulako kolpea izan zen. Medikuek oso ondo hartu gintuzten, Aste Santua izan arren, etengabe informatzen gintuzten egoeraz. Nire ahizpak komatik aterako zela uste zuen, baina nik zail ikusi nuen. Bizitza aldatu zaigu, kalbarioa izan da. 

Bost urte pasa dira, baina gertaerak argitu gabe dirau.

Bai, futbol partidaren eguna Ostegun Santua zen. Iñigoren gurasoak kanpora zioazenez, hauek izan ziren goizean esan zizkien azken hitzak: "Gauean etxean egongo zarete? Athleticek irabazten badu zarata asko egingo dut... Ez bazaudete hobeto!". Eta bete-betean asmatu zuen, sekulako zarata sortuko zuela esatean arrazoi osoa zuen.

 

Zein fasetan dago orain auzia?

Ekainean epaileak sei hilabete gehiago luzatzea erabaki zuen. Ertzain batzuk deklaratzera deitu dituzte, baina "guztiarekin sartzeko" agindua eman zuena Ugarteko izan zen. Plazan zegoen ertzain buruak han ez zegoela ezer esan zuen, baina grabazioetan "Herrikora denarekin sartzeko" argi entzuten da. Batzokia izango balitz, ez lukete berdin jokatuko.

Epaiketari dagokionez, igandean bukatuko da luzapen aldia. Orain kasua beste epaile batek hartu du, Angel Gilek.

 

"Kasua ixteko posiblitatea dago, erailketa hau inork ordaindu gabe. Familiak ez ixtea espero dugu, baina okerrenerako prestatzen ari gara. Ez zaigu buruan sartzen erailketa bat ez argitzea"

 

Gertaera alderantziz izango balitz, alegia, Iñigok botila batekin ertzain bat hilko balu, kasua argitu eta ordainaraziko liokete. Estefania Beltranek ez du inolako erraztasunik jarri. Udan, El Correo egunkarian ertzain batzuk atera ziren nortzuk izan ziren bazekitela aipatuz. Gau hartan lanean nor zebilen jakitea erraza da. Jone Goirizelaia abokatuak El Correorentzat hitz egin zuen poliziak deklaratzea nahi du, baina ez dute deitu.

Ertzaintzak familia salatu du...

Izugarria da. Ugartekok, kargatzea agindu zuen ertzainak, familia salatu du eragindako kalte psikologikoengatik. 770.000 euroko kalte ordaina eskatu diote nire ahizpari, prentsan bere izena atera zenez, psikologoan bukatu behar izan zuela argudiatuta. Eta guri? Nork ordaindu behar digu eragindakoa? Bost urte daramatzagu psikologo artean eta zain. Oraindik ez dugu dolua pasa, 4 urte eta erdian ezin izan dugu mina eta heriotza atzean utzi.

Ekainetik abendurako luzapen honetan, ertzainak inputatzen saiatu gara, baina badirudi ez dela ezer gertatu.

 

"Iñigoren erailketa inork ordaindu gabe itxiko da. Abokatuak kasua itxi lezaketela esan digu, baina guk gure esku dagoen guztia egingo dugu"

 

Jonan Fernandezi idatzi nion aurrekoan, Iñigo Urkulluri gogoratzeko Iñigo Cabacas ea Ertzaintzak hil zuen edo zorabiatuta hil zen. Ez dut auzia politikaren nahastu nahi, baina erailketa bestelakoa balitz aspaldi argitua legoke.

Iñigo Cabacas gogoan plataforma sortu zuten lagunek. Bestelako babesik jaso al duzue?

Zentzu horretan nik ahizpari egunero gogoratzen diot sekulako babesa jasotzen ari garela jendearengandik. Senide eta lagunen babesa oso handia izan da, eta beharrezkoa. Aurrekoan, Iñigo Cabacasen kamisetarekin egin zuen korrika Behobiako lasterketan nire semeak, eta ikusleen zein esalatariaren animoak jaso zituen ere bai. Instituzioek, baina, ez dute askorik lagundu, gutxi batzuk bakarrik. 

Zentzu horretan, zein mezu luzatu nahi du sendiak?

Iñigo Cabacasen kasua ez ixtea, justizia egin dadila. Ardura asumitzea nahi dugu.

 

 

"Tiro egin zuen polizia epaitzea zaila izango da, baina erantzunkizuna hartu behar du, edo dute"

 

 

Bestalde, gomazko pilotak erretiratu behar dituzte, inor ez gaude horietatik libre. Iñigo Cabacasi tokatu zitzaion, baina edonor izan zitekeen. Gau hartan jende asko zegoen Bilboko kale horretan. Zorte txarrak nire loba hautatu zuen.Justizia nahi dugu, Ertzaintzak ikerketa erraztea. Zintak eta dokumentazioa aurkeztuko balute, haientzako ere hobea izango zen, kasuak denok ukitzen gaituelako.  

Kasua itxiko balute, bestelako pausorik emango al du familiak?

Bai, Estrasburgo, Bruselas edo behar den tokira joango gara. Estrasburgon egonak gara jada. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Familia edozertarako prest dago. Kasua argitu behar da, eta erantzuleek ordaindu behar dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide