“Nire familian ugariak dira ehun urtera iritsi direnak, baina ni naiz txapelduna!”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko aza. 16a, 10:52

FELISA MARTINEZ ABAJO (Tubilla del Lago, 1912) 104 urte bete zituen azaroaren hasieran. 12 urte zituenean Bilboko Uribarri auzora joan zen bizitzera, eta Laudiora mugitu zen ezkontzerakoan.

FELISA MARTINEZ ABAJO (Tubilla del Lago, 1912) 104 urte bete zituen azaroaren hasieran. 12 urte zituenean Bilboko Uribarri auzora joan zen bizitzera, eta Laudiora mugitu zen ezkontzerakoan.

104 urte bete berri dituzu. Horrenbeste kandelari egin diezu putz?
Bakarra jarri zidaten, handia, ez baitzituzten horrenbeste kandela! Horren nagusia izanda hobeto bizi naiz, ez baitut ezer egin behar eta.

Pozik beraz?
Bai, nola ez naiz egongo! Ez dut aparteko gaixotasunik pairatu. Bihotzeko bat izan nuen duela bederatzi urte, baina hori baino ez.

Burgosen jaio zinen, baina 12 urterekin mugitu zinen Bilbora.
Bai, Uribarri auzoan bizi nintzen. Nire ahizpa batek elikagai denda bat ireki zuen, eta bertako lanak egiten laguntzen nion nik.

40. hamarkadan iritsi zinen Laudiora. Nolakoa zen herria garai hartan?
Gardean bizi nintzen ni. Garai hartan bizpahiru baserrik osatzen zuten auzoa. Larrabetzu zegoen, El Txakoli, Masiminoren etxea... eskolen alboan zegoen gure etxea. El Resbalón taberna zegoen baita. Basora joaten ginen, sua egiteko egurra moztera. Gurdia zuen pertsona bat gerturatzen zen gero, moztutako egurra etxera eramaten laguntzen ziguna.

Laudio ere oso ezberdina izango zen.
Dena aldatu da. Musika zegoen igandeetan. Zeberianok jotzen zuen akordeoia, txapon baten truke. Egunerokotasuna normala zen: gizonak fabrikara eta emakumeak etxean lan egiten.

Gogorra izan zen gerraostea?
Familia ugarik izan zituzten zailtasunak. Estraperloa zegoen, baina ni ez nintzen inoiz joan ezer erosi edo saltzera.

 

"Errazionamendu kartilaren bidez ematen zizuten ogia gaizki bazegoen jendeak berdin berdin jaten zuen, ez zegoelako besterik"

 

Baina nik ez. Nire neba-arrebek Bilbotik ekartzen zidaten janaria, denda baitzuten. Asteburutan joaten nintzen bertara lan egitera. Hainbat tokitan aritu naiz lanean, baina inoiz ez dut soldatarik izan.

Ba al dago zure adinera iristeko sekreturik?
Genetikoa dela esango nuke. Nire familian ugariak dira ehun urtetara iritsi edo ia iritsi direnak, baina ni naiz txapelduna!
Nire aita, berriz, oso gazte hil zen, pneumoniak jota. Nik ez nuen apenas ezagutu.

Nahiko aktibo zabiltza gainera.
Goizean jaiki, gosaldu, eta robot-aspiragailua jartzen dut martxan. Arratsaldetan Jubilatuen Klubera joaten naiz, kartetan jolastera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide